Euskal Herria


Euskal Herria

Ez da estatua
Euskal Herriko bandera
Bandera
Euskal Herriko armarria
Armarria
Goiburua: Zazpiak bat
Euskal Herria
Hiriburua Iruñea
Hiri nagusiak Bilbo (handiena), Iruñea, Baiona, Donostia, Gasteiz
Eremua 20.947 km²
Biztanleria 3.007.661 (2006)
Dirua euroa
Herritarra euskal herritar, euskaldun2, euskotar
Hizkuntza(k) euskara, gaztelania, frantsesa, gaskoiera
Ofiziala(k) Euskadin:
euskara eta gaztelania
Nafarroan:
euskara1 eta gaztelania
Iparraldean: frantsesa
1Nafarroaren iparraldeko eremuan bakarrik
2Berez, euskaraz dakitenentzat bakarrik, baina askotan euskal herritar-en sinonimotzat jotzen da

Euskal Herria Europako herrialdea da. Historikoki euskaldunen eta euskararen lurraldea da, Pirinio mendien mendebaldean kokatua, Frantzia eta Espainiaren arteko muga egiten duen mendilerroan, eta Bizkaiko golkorantz zabaltzen dena.

Euskal Herriak 20.664 km²-ko azalera du, eta gutxi gorabehera 3.007.661 bizilagun: 2.500.000 Hegoaldean (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia) eta 500.000 Iparraldean (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa).

Iruñea hiriburutzat jo ohi da, arrazoi historikoak direla kausa, nahiz eta izendapen ofizialik ez den. Halaxe iritzi zion 1712an Joanes Etxeberri Sarakoak: “Iruiñea eskualdunen hiri buruzagia”.

Eduki-taula

Euskal Herria izena

Hitzaren arazo semantikoa

Historian zehar gauza bera definitzen dituen hitz ezberdinak agertuz joan dira, interesen arabera erabiliak izan direnak:

  • Euskal Herria: hitzez hitz hartzen badugu, euskararen lurraldea esan nahi du. Ikus Euskal Herria izena, historian zehar
  • Euskadi: Aranak asmatu omen zuen Euzkadi hitzaren aldaera da; gaur egun aldaera nagusia da.
  • Euzkadi: Sabino Aranak 1896 urtean asmatu omen zuen, Euskal Herria esapidearen ordez erabiltzeko asmoarekin. Hizkuntzarekiko loturarik ez zuen hitz horrekin, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa Garaia, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa barne hartzen dituen lurraldea izendatu nahi zen. Francok 1936. urtean Espainiako Bigarren Errepublikaren kontra egin zuen altxamendua zela eta, askatasunaren pareko esanahia hartu zuen. Geroago, independentziaren kutsu hori Euskal Herria izenak hartu du.

Hala ere, esan beharra dago Eusebio Maria Azkuek idatzitako eta argitaratu gabeko olerki batek Euzkadia duela izenburu. Olerkia 1862ko martxoan idatzia izan zen, Arana jaio baino 3 urte lehenago[1].

Horietaz gain, Euskal Autonomi Erkidegoa (EAE) erabiltzen da, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba probintziak izendatzeko; autonomia erkidego hori Espainiar erresumaren barruan dago. Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa Pirinio Atlantikoak izeneko departamenduan dira (Frantzia), eta Nafarroako Foru Erkidegoa Espainiar erresumako beste autonomia erkidego bat da.

Euskaltzaindiaren arabera

Euskaltzaindiak 2004ko uztailan plazaratutako dokumentu batean, honako erabaki hau jakinarazi zuen akademiak [1]:

Gorago adierazi guztiaren argitan, Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik.

Historian zehar

Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribuaren 18. orriaren atzealdea. Ezkerreko ilaran, zazpigarren lerroan behetik hasita, eusquel erriau ikus daiteke.
Joan Perez de Lazarragaren eskuizkribuaren 18. orriaren atzealdea. Ezkerreko ilaran, zazpigarren lerroan behetik hasita, eusquel erriau ikus daiteke.

Terminoa 1567. urtean agertzen da lehen aldiz idatzia, Joan Perez Lazarraga idazle arabarraren eskuizkribuan, eusquel erria formarekin. Hiru aldiz ageri da testu hartan[2]:

beti çagie laudatu
çegaiti doçun eusquel erria
aynbat bentajaz dotadu.
çegayti eusquel errian dira
ederr guztioc dotadu
çeñetan ditut eçautu
eusquel erriau oy nola eben
erregue batec pobladu.

Halaber, Joanes Leizarragaren Testamentu Berrian (1571n argitaratua, Arroxelan):

...bat bederac daqui heuscal herrian quasi etche batetic bercera-ere minçatzeco manerán cer differentiá eta diuersitatea den

Axularrek ere bere Gero liburuaren aitzin solasean darabil, Euskal Herria eta haren zazpi lurraldeak aipatuz:

Ceren anhitz moldez eta differentqui minçatcen baitira euscal herrian, Naffarroa garayan, Naffarroa beherean, Çuberoan, Lappurdin, Bizcayan, Guipuzcoan, Alaba-herrian eta bertce anhitz leccutan.

Sinboloak

Ikurrina da lurraldeko bandera, 1894an Sabino Aranak asmatua, jatorrian Bizkairako. Gaur egun, EAEko bandera ofiziala da, Espainiako bandera eta tokian tokikoekin batera. Ipar Euskal Herrian ikurrina oso hedatuta eta onartuta dago ofizialki, baina Nafarroan egoera bestelakoa da: nafar gobernuak "Ikurren legea" onartu berri du, ikurrina toki publikoetatik kendu nahian.

Dena dela, Nafarroako bandera (kate horiak hondo gorrian) lurralde osorako proposatzen dute euskaldun askok. Beste batzuek, Arrano Beltza dute bandera nagusitzat.

Armarritzat, aldiz, Zazpiak Bat delakoa oso zabalduta dago lurralde osoan. Udalbiltza erakundeak, adibidez, bere egin du.

Beste ikur bat ere bada: lauburua edo antzinako euskal gurutzea.

Geografia fisikoa

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko geografia fisikoa

Kostaldea

Plentzian Butroe ibaia itsasoratzen da. Inguruak oso labartsuak dira, baina Butroek laugune bat sortzen du Plentzia eta Gorliz artean
Plentzian Butroe ibaia itsasoratzen da. Inguruak oso labartsuak dira, baina Butroek laugune bat sortzen du Plentzia eta Gorliz artean
Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko kostaldea

Bizkaiko Golkoan, Euskal Herriak mutur batetik bestera 225 kilometroko kostaldea du, eta bertan, 104 hondartza inguru aurki daitezke. Bizkaia da kostalde luzeena duen euskal herrialdea: 108 kilometro, eta 35 hondartza. Gipuzkoak 84 kilometroko kostaldea du, eta 28 hondartza; eta Lapurdik, 33 kilometrotako kostaldea, eta 41 hondartza. Lapurdi da, beraz, kostalde laburrena izan arren, hondartza gehien duen herrialdea.

Euskal Herriko kostak hiru alde ezberdin ditu, ia-ia modu zuzenan Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko mugekin bat egiten dutenak. Bizkaiko kostaldea malkartsua da, baina oro har hondartza handiak ditu. Gainera, bi itsas-adar daude bertan: Ibaizabaleko itsasadarra eta Urdaibai.

Gipuzkoako kostak gorabehera handiagoak ditu eta orokorrean hegiak handiagoak dira. Hondartza txikiagoak eta harritsuagoak daude Bizkaiko mugatik Zumaiaraino, eta hortik aurrera geroz eta luzeagoak diren hondartzak. Ibaien itsasoratzeetan estuario txikiak sortzen dira zenbaitetan (Oria), eta beste batzuetan itsasadarrak (Urumea, Bidasoa).

Lapurdiko kostaldea, ordea, askoz lauagoa da. Hondartza geroz eta luzeagoak daude eta hegiak altuera txikikoak dira. Bidasoa eta Atturri ibaiek urak hantxe isurtzen dituzte.


Mendiak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko mendiak

Ailuitz mendia, Bizkaian
Ailuitz mendia, Bizkaian

Euskal Herria oso menditsua da. Mendilerro gehienak mendebalde-ekialde ardatzean kokatzen dira. Arroka nagusia kareharria da, baina beste material batzuez osatutakorik ere badago; adibidez, Aiako Harria granitoz osatuta daude.

Mendirik altuenak Pirinioetan daude eta altuena Hiru Errege Mahaia da. Mendilerro hura itsasoan bertan jaio eta ekialderantz igoz doa: 2.000 metrotik gora dagoen lehen mendia Orhi da.

Araba eta Nafarroako hegoaldean Kantauriar mendilerroaren ekialdeko muga dago. Kodes edo Toloño mendilerroak dira Kantauriar mendilerroaren parte.

Bi mendilerro garrantzitsuon artean Euskal mendiak daude: ekialde-mendebalde orientazio orokorra duten mendilerroak dira, adibidez, Urbasa, Andia, Aralar, Anbotoko mendilerroa, Ordunteko mendilerroa eta Aizkorri.

Ibaiak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko ibaiak

Ebro da Euskal Herria zeharkatzen duten ibaien artean luzeena (910 km). Europako Mendietan sortzen da eta Mediterraneo itsasoan isurtzen du bere emaria. Bide horretan, hainbat kilometroz Euskal Herriko hegoaldeko muga da, Araba eta Nafarroan. Beste ibai eta errekek bertara isurtzen dituzte urak, besteak beste, Zadorra, Baia, Ega eta Aragoi ibaiek. Aragoi ibaiak Euskal Herrian zehar ibilbide luzeena egiten duena da, 192 km Esako urtegian jaio eta, Nafarroa Garaia zeharkatu ondoren, Ebro ibaira isuri arte.

Euskal Herriko kostaldean ura isurtzen duten ibaietatik Aturri da luzeena eta ur emari handiena duena. Tourmalet inguruan jaiotzen denetik Baionan itsasoratu arte, 335 kilometro inguru zeharkatzen ditu, azken 30ak euskal lurretatik. Bide luze hartan, Pirinioetan jaiotako hainbat ibai eta errekaren emaria jasotzen du (Biduze, Errobi, Harana...). Aturrik bezala, beste ibai askok ere Bizkaiko Golkoan isurtzen dituzte urak: Nerbioik, Bidasoak, Oriak, Debak, Urolak, Urumeak... Nerbioi ibaia da, hain zuzen ere, Bizkaiko Golkoan itsasoratzen direnen artean Euskal Herriko lurraldeetan ibilbiderik luzeena egiten duena (75 km). Euskal Herriak zazpi lurralde ditu. Haietako lau Hegoaldean daude, Espainiako Erreinuaren administraziopean, eta beste hirurak ipar-ekialdean, Frantses Errepublikaren administraziopean, Iparraldean. Hala ere, geografiari bagagozkio, datu hori ez da guztiz baliagarria: Bizkaia iparralderago dago Zuberoa baino.

Geografia politikoa

Datu orokorrak

Honakoak dira hiri handienen eta udalerri kopuruaren datuak:[3]

Herrialdea Azalera (km2) Hiriburua Udalerri kopurua
Euskal Herria 20.947,2 Iruñea 683
Araba 3.316,9 Gasteiz 53
Bizkaia 2.236,7 Bilbo 112
Gipuzkoa 1.980,3 Donostia 88
Lapurdi 855,7 Baiona 41
Nafarroa Beherea 1.322,1 Donibane Garazi 74
Nafarroa Garaia 10.421,0 Iruñea 272
Zuberoa 814,5 Maule-Lextarre 43

Egungo mugak

Hona hemen Euskal Herriko mugak: Samatze, Baxenabarren, iparraldean; Kortes, Nafarroan, hegoaldean; Lanestosa, Bizkaian, mendebalean; eta Eskiula, Zuberoan, ekialdean. Euskal Herriko erdigunea Beriain tontorra da, Andia mendilerroan.

Kanpo mugei dagokionez honako hauek ditu:

Lurraldeak

Banaketa administratiboa

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriaren banaketa administratiboa

Euskal Herriko banaketa

Espainiar administrazioaren pean daudenak:

Frantziar administrazioaren pean daudenak:

Gainera, Euskal Herriaren barruan Gaztela eta Leonek administratutako Trebiñuko konderria dago, eta Kantabriako administrazioak kudeatutako Turtziozko herria.

Demografia

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko demografia

Datu demografiko orokorrak hauek dira:[3]

Herrialdea Urtea Biztanleria Biztanleria % Dentsitatea Gizonak Emakumeak
Euskal Herria 20011 2.902.962 100% 138,6 1.421.132 1.481.830
Araba 2001 287.928 9,9 86,8 142.892 145.036
Bizkaia 2001 1.123.002 38,7 502,1 545.744 577.258
Gipuzkoa 2001 673.563 23,2 340,1 330.288 343.275
Lapurdi 1999 219.029 7,6 256,0 103.548 115.481
Nafarroa Beherea 1999 28.076 1,0 21,2 14.210 13.866
Nafarroa Garaia 2001 555.829 19,2 53,3 276.629 279.200
Zuberoa 1999 15.535 0,5 19,1 7.821 7.714

1 2001eko Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiako datuak eta 1999ko Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako datuak gehituta.

Hiri nagusiak

  1. Bilbo 354.145 biztanle (2006)
  2. Gasteiz 227.568 biztanle
  3. Iruñea 195.769 biztanle
  4. Donostia 183.308 biztanle
  5. Barakaldo 95.640 biztanle
  6. Getxo 82.327 biztanle
  7. Irun 60.261 biztanle
  8. Portugalete 49.118 biztanle
  9. Santurtzi 47.320 biztanle
  10. Baiona 44.300 biztanle

Diaspora

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal diaspora

Euskal diaspora kontinente guztietan barreiatuta dago, baina batez ere Amerikan. Zehazki, Argentina, AEB, Venezuela eta Mexiko dira euskaldun gehien dituzten herrialdeak.

Euskal etxeak dira munduko beste toki batzuetan bizi diren euskal hiritarrak eta euren ondorengoak biltzeko tokiak.

Historia

Artikulu nagusia: Euskal Herriko historia

Euskal Herriko historia
Historiaurrea eta Antzin Aroa
Erdi Aroa
Aro Modernoa
Aro Garaikidea
Kronologiak


Euskal Herriko historia Europako herri zaharrenetariko baten historia da. Paleolitotik hasita, hainbat herriren influentzia jaso du herriak, zeltak, erromatarrak, frankoak, bisigotoak, musulmanak, gaztelarrak, ingelesak. Gaur egun Espainia eta Frantziaren artean kokatuta dago eta bi herri horien historiaren pasarteak jasan ditu. Bitarte horretan euskararen inguruan batzen den herrian Nafarroako Erresuma bezalako egitura politikoak egon ziren eta hainbat gerra, horietako asko inguruko estatuen eta euskaldunen konpetentzia gatazkek sortuak.

Herri nekazari eta abeltzain bat izatetik Europar Batasunaren barruan dagoen eskualde industrializatu eta aberatsa izatera igaro da, baina horretarako bere antzinako egiturak eta antolaketak guztiz eraldatu behar izan ditu.

Jada antzinaroan hainbat aztarna aurkitu dira Euskal Herrian. Luca Cavalli-Sforzaren arabera euskaldunak omen dira Paleolitotik geratzen diren europar herri bakarra, genetika eta linguistika ikerketen arabera. Garrantzi berezia du horretan Euskal-Akitaniar lurraldean labar-artea oparoak. Neolitoan abeltzantza eta nekazaritza agertu ziren eta horrekin batera, hainbat monumentu megalitiko eraiki.

Antzinako Erromak I. mendean konkistatu zuen Euskal Herria eta lehen hiri eta errepide handiak ireki. Urte haietan jada, Novempopulania eta Tarraconensis probintzietan banatu ziren euskal lurraldeak.

Erromatar inperioaren gainbeheran, euskaldunek bat egiten zuten bisigodoekin eta bagaudak antolatu. Godo eta frankoek ez zituzten guztiz garaitu, behin eta berriz saiatu arren. VIII. mendean musulmanak iritsi ziren eta Kordobako Kalifatoaren esku utzi zuten Euskal Herriko hegoaldeko zati batzuk. Garaiko baskoi buruzagiek harreman ona izan zuten eurekin eta batez ere Banu Qasi familiarekin. Eneko Aritza ere haien senide izan zen.

Nafarroako Erresuma izan zen Euskal Herria Pirineoen bi aldeak elkartzeko gai izan zen entitate politiko bakarra. Erresuma Antso III.a Nagusiaren erregealdian iritsi zen hedadurarik handienera. Lurralde euskaldunak biltzen zituen, beste hainbat lurralderekin batera, baina erregea hil ostean banatu egin zen. 1511. Gaztelako koroak Nafarroa Garaia konkistatu zuen. Altxamenduak egon baziren ere (Noaineko guda, Amaiurko guda), Gaztela garaile atera zen, baina Nafarroa Behereak independente segitu zuen, eta geroago Frantziako koroan sartu zen. Antso III.a.ren garaiaz geroztik, ez da zazpi lurraldeak batera gobernatu dituen gobernurik izan.

XVI. mendetik aurrera konstanteak izan ziren Foruen defentsan eginiko borrokak. Horietatik garrantzitsuenak karlistadak edo zamakolada eta gamazada altxamenduak izan ziren. Dena den, haien atzean ez zegoen independentzia aldarrikapena bakarrik, baizik eta motibazio erlijiosoak eta monarkikoak batzen ziren Foruen defentsarekin. Antzinako ekonomia sistema babesteko hainbat matxinada ere izan ziren Euskal Herrian. 1798an Frantziar Iraultzak eragin erabatekoa izan zuen Ipar Euskal Herrian, haren asimilazio politikoa ekarri baitzuen.

Euskal abertzaletasuna XX. mendearen hasieran hasi zen, euskal nazioa lortu nahian. Euskal nortasun kolektiboa eratzeko sortutako literatura legendarioan oinarritutako historiaren berrinterpretazioa egin zuten lehen abertzaleek, ideia nagusi bat sortzeko asmoarekin: aintzinan Euskal Herria independientea izan zela eta euskal estatu horren independentzia Espainiaren inbasioen ondorioz galdu zela. XX. mendea aurreratu ahala eta batez ere 1980ko hamarkadatik aurrera, ideia horien guzti horien berrikuntza egon zen, inoiz egon den euskal estatuaren pareko Nafarroako Erreinua aldarrikatuz.

1980ko hamarkadan, Espainiak autonomia ezarri zuen berriro ere, eta, horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) sortu zen, II. Errepublikan gertatutakoaren antzera. Euskal abertzaleen nahien aurka, Nafarroa Hegoaldeko beste hiru lurraldeetatik bereizita dago oraindik ere. Horrez gain, bi erkidegootako administrazioen arteko laguntasuna ez da handia eta haien arteko desberdintasun politikoa nabaria da: EAEn abertzaleen botoen baturak gehiengo absolutua hartzen du; Nafarroan, aldiz, gehiengoa PSOEk eta UPNk alderdi ez abertzaleek dute.

XX. mendean Euskal Herriak bi mundu gerra eta gerra zibil bat jasan ditu eta euren eragina handia izan da politika eta jendarte mugimenduetan.

Politika

Euskal Herriko biztanleria, euskal identitatearekiko atxikimendu portzentajeen arabera.
Euskal Herriko biztanleria, euskal identitatearekiko atxikimendu portzentajeen arabera.

Euskal Herriko errealitate politikoa abertzale/ez abertzale (edo euskal nazionalista/espainiar edo frantses nazionalista) ardatzak definitzen du, Hego Euskal Herrian batez ere. Horrela, Euskal Herriko alderdi politikoak, eskuinean edo ezkerrean kokatzeaz gain, Euskal Herriaren egituratzearen edo nazio onarpenaren inguruko ikuspegiaren arabera lerrokatzen dira. Horrek alderdi askotako sistema politiko konplexua sortzen du.

Euskal Herriko alderdi politikoak



Erakundeak

Kultura

Hizkuntzak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskara

Euskal Herrian euskara, gaztelania, frantsesa eta gaskoiera mintzatzen dira.

Gaztelania eta frantsesa nagusi dira, lehena Hegoaldean eta bigarrena Iparraldean. Hala ere, gutxi gorabehera biztanleen herenak egiten du euskaraz. Gaskoia, aldiz, Baiona inguruan (BAB) eta Nafarroa Behereko iparraldeko ingurune batzuetan hitz egiten da, baina oso ahul dago.

Euskararen ofizialtasun maila ezberdina da hiru lurraldeen arabera: EAEn, koofiziala da hiru probintzietan; Nafarroan, koofiziala "eremu euskaldun" delakoan bakarrik, erdi ofiziala "eremu mistoan" eta ez ofiziala "eremu erdaldunean"; Ipar Euskal Herrian, ez dauka ofizialtasun estatusik.

Bestalde, Euskal Herriko ijitoak erromintxela izeneko romaniaren aldaeraz mintzatzen ziren, eta gaur egun arrasto batzuk geratzen dira oraindik.

Literatura

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal literatura

Bernart Etxepareren "Linguae vasconum primitiae" (1545) euskarazko libururik zaharrena da. Beste idazle klasikoen artean "Axular" XVII. mendean, Txomin Agirre eta Juan Antonio Mogel (XIX.enean) eta Gabriel Aresti, Xabier Lizardi eta "Lauaxeta" (XX.enean) ditugu ezagunenen artean. Egile garaikiderik ospetsuena, aldiz, Bernardo Atxaga dugu, bere lanak hainbat hizkuntzatara itzuli baitizkiote.

Idazle erdaldunen artean, egile handien izenak ditugu, hala Felix Maria Samaniego, Miguel de Unamuno, Pio Baroja edo Gabriel Zelaia gaztelaniaz idatzi zutenen artean.

Musika

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko musika

Euskal Herriko musika anitza da eta hizkuntza ezberdinetan egiten da. Musika klasikoari dagokionez Juan Crisostomo Arriaga ("Los esclavos felices"), Hilarion Eslaba, Aita Donostia, Jose Maria Usandizaga ("Mendi-Mendiyan"), Jesus Guridi ("Amaya", "Diez melodias vascas" eta "El caserio") eta Francisco Escudero moduko musikagile handiak eman ditu Euskal Herriak.

Bestela, Julian Gaiarre, Ainhoa Arteta eta Maria Bayo abeslariak mundu mailan ezagunak dira, bai eta Donostiako Orfeoia abesbatza ere. Arlo honetan Juan Mari Beltran musikaria aditu handienetakoa da. Izan ere, Oiartzunen antolatu zuen Herri Musikaren Txokoa erreferentziazko tokia.

Musika tradizionalean hainbat instrumentu erabiltzen dira, Alboka, Panderoa, Trikitixa, Txalaparta, Txistua, Txirula eta ttun-ttuna gisa. Folk musikan ere badira nahiko ezagunak diren taldeak, Oskorri eta Tapia eta Leturia kasu. Azken urteetan gorakada nabarmena jaso du musika mota honek Kepa Junkera bezalako musikarien lana dela eta. 1970eko hamarkadan Ez dok amairu mugimenduari lotutako hainbat abeslari ere egon ziren, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi kasu.

Musika garaikideari dagokionez Euskal Rock Radikalak garrantzi handia izan zuen eta oraindik ere badu. Talde aipagarriak izan dira Euskal Rock Radikalaren etiketapean Barricada, Eskorbuto, Hertzainak, Kortatu, La Polla Records eta RIP, besteak beste. Denboran geroagokoak eta estiloz zabalagoak dira Berri Txarrak, Betagarri, Kuraia, Fermin Muguruza bera, Negu Gorriak eta Zea Mays.

Zinema

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal zinema

Euskal Herriko zineman euskarazko filmak gutxi dira. Gainera, gehienak haurrentzako eginak izaten dira. Azken urteotan Aupa Etxebeste!, Kutsidazu bidea, Ixabel eta Eutsi! izan dira film luze aipagarrienetakoak.

Zuzendarien artean, ezagunak dira Montxo Armendariz, Juanma Bajo Ulloa, Alex de la Iglesia, Julio Medem eta Imanol Uribe, besteak beste.

Antzerkia

Gastronomia

Euskal Herria ezaguna da bere gastronomia dela eta. Restaurant aldizkariak 2008ko munduko 50 jatetxe onenen eginiko zerrendan, lau jatetxe euskaldun agertu ziren: Mugaritz (4. postuan), Arzak (8. postuan), Martin Berasategi (29. postuan) eta Etxebarri erretegia (44. postuan).[4]

Ardoak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko ardoak

Euskal Herriko ardoen mapa
Euskal Herriko ardoen mapa

Euskal Herrian 6 ardo izendapen berezi daude. Horietako batek, Nafarroako Ardoak 5 azpizonaldetan banatzen da. Araban Errioxako Ardoa eta Arabako Txakolina ekoizten dira. Bizkaian Bizkaiko Txakolina eta Gipuzkoan Getariako Txakolina. Nafarroa Beherean Irulegiko Arnoa ekoizten da eta Nafarroa Garaian Errioxako Ardoa egiteaz gain Nafarroako Ardoaren bost eskualdeak daude: (Behe Mendialdea, Lizarraldea, Valdizarbe, Behe Erribera eta Goi Erribera).

Hezkuntza

Ikastolak dira soilik euskaraz umeei irakasteko zentroak; lurralde osoan hedaturik daude. EAEko ikastetxe publikoetan euskaraz soilik edo euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dira ikasketak. Bestelako ikastetxeak ere badira, gaztelaniaz, frantsesez eta beste hizkuntza batzuetan ere irakasten dutenak.

Euskaltegiak, bestela, helduek euskaraz ikasteko akademiak dira.

Unibertsitateari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitatea da EAEko zentro publiko nagusia. Deustuko Unibertsitatea, ordea, pribatu nagusia da, Bizkaian batez ere. Gipuzkoan, Mondragon Unibertsitatea zentro pribatua da. Nafarroan, Unibertsitate publiko eta pribatua daude. Lurralde osorako, Udako Euskal Unibertsitatea irakasten du euskaraz.

Mitologia

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko mitologia

Euskal mitologia Euskal Herriko lurraldeetako mitoen multzoa da. Bertan nahasturik antzematen dira eragin kristau zein paganoak.

Gainerako herri eta kulturen antzera euskal mitologia alegiazko kontakizun, antzinako balizko jainko edo heroien egintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen da, gehienetan, izadiaren indarren edo giza izaeraren alderdien oihartzuna dakarrena.

Kondaira sinbolikoa, munduaren hasierako edo denbora historikotik kanpoko gertakari harrigarriren baten berri ematen du askotan. Antzinako jainko edo heroien ekintzetan edo egiazko gertaeretan oinarritzen dira alegiazko kontakizunak, jatorri ezezagunekoak eta herri baten tradiziozko pentsamendu kolektiboaren osagai direnak, naturaren indarrari edo giza izaeraren zenbait alderdiri buruzko ikuspegia eta sinesteak islatzen ditu.

Mitok sailka daitezke kondairaren esanahia edo berez duten mezuaren arabera: Batzuk kosmosa edo lurraz kanpoko gaia dute, eta besteak, berriz, lurtarrak dira. Kristautasunaren sarrerak nabarmen eragin du euskal mitologiaren ahoz ahoko transmisioan. Oinarrizko kontzepzio metafisikoa bere horretan mantendu diren alegi askotan ere Bibliako pertsonaien izen ordezkatzea ematen da: neguko solstizioa = gabonzar, udako solstizioa = San Joan, jentilarri = Sansonarri, Salomon eta abar.

Zerbitzuak

Erietxeak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko ospitaleak

Arlo publikoan, zentro handien artean nabarmentzekoak dira Gurutzetako Ospitalea (Barakaldo) eta Donostia Ospitalea, biak ala biak Osakidetzakoak.

Bestela, erietxe pribaturik ezagunena, baita Euskal Herritik kanpo ere, Klinika Unibertsitarioa da, eta Iruñean dago.

Garraiobideak

Hedabideak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko hedabideak

Euskarazkoen artean, ETB 1 da lurralde osoan zabalduta dagoen telebista bakarra, eta tokian tokiko beste kate batzuk ere badaude. Irrati kateei dagokienez, Euskadi Irratia (informazio orokorra), Euskadi Gaztea (musika), Gure Irratia (Ipar Euskal Herrian), Bizkaia Irratia (mendebaleko euskaraz) eta Euskalerria irratia (Nafarroan) ditugu.

Gaztelaniazko telebista nagusiak Telecinco, Antena 3, Televisión Española (bi kate), Cuatro, La Sexta eta ETB 2 dira. Radio Euskadi eta Radio Vitoria gaztelania hutsezko irratiak dira; Herri Irratia elebiduna eta Info7 hirueleduna. TF1, France 2, France 3, France 5, M6 eta Arte dira frantsesezkoak.

Egunkariei dagokienez, Berria da euskaraz eta Euskal Herri osoan argitaratzen den bakarra. Gara lurralde osoan ere hedatuta dago eta nagusiki gaztelaniaz egina da. Ipar Euskal Herrian, Le Journal du Pays Basque dugu. Probintziaz probintzia, hauexek dira irakurrienak: El Correo Español (Bizkaian eta Araban), El Diario Vasco (Gipuzkoan) eta Diario de Navarra (Nafarroan).

Kirolak

Herri kirolak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Herri kirol

Herri kirolak, Euskal Herrian antzinatik jokatu izan diren kirolei deitzen zaie normalki. Hauetako asko hemen sortutakoak eta bereziak dira. Herri kirolen jatorria garai bateko lan jarduera desberdinak aisialdira bideratzean aurki dezakegu. Baserritarrak nahitaez egin behar zituen eguneroko betebeharrak kirol bilakatu dira denborarekin. Horietako batzuk aizkora proba, harri zulaketa, sokatira edo harri jasotzea daude.

Euskal selekzioen aldeko mugimendua

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: ESAIT eta Euskal futbol selekzioa

ESAIT edo Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldea euskal selekzioen aldeko taldea da. Batez ere futbolan ikusi da azkeneko urtetan euskal selekzioaren aldeko lana, baina badira beste kirol batzuk non Euskal Herriak selekzio ofiziala duen, segalari edo Wushu-kungfu kasu.

Pertsonaia ezagunak

Sakontzeko

 Sakontzeko, irakurri: Euskal Herriko pertsona ezagunak

Euskal Herriko hainbat pertsona historiko ezagunak dira mundu osoan: Yehuda Halevi judu tuterarra XI. mendean bizi izan zen eta zientziak, literatura eta filosofia landu zituen.

Juan Sebastian Elkano, Migel Lopez Legazpikoa, Inazio Loiolakoa, Frantzisko Xabierkoa, Bernart Etxepare eta Pedro Agerre "Axular" nabariak izan ziren XV. eta XVI. mendeetan, bakoitza bere arloan.

XVIII. mendean, nagusiak ditugu Dominique Joseph Garat eta Jacques Laffitte politikariak eta Joan Jose eta Fausto Elhuyar zientzialariak.

XIX. mendean, aipatzekoak dira Juan Crisostomo Arriaga, Julian Gaiarre eta Pablo Sarasate musikagileak lehen erdialdean eta Tomas Zumalakarregi eta Sabino Arana politikariak bigarrenean.


XX. mendearekiko trantsizioan, Ignacio Zuloaga margolaria, Miguel de Unamuno eta Pío Baroja idazleak eta Jesús Guridi musikagilea bizi izan ziren. Mende horretakoak ditugu Gabriel Aresti idazlea, Jorge Oteiza eta Eduardo Txillida eskultoreak, Maurice Ravel musikagilea, Jose Miguel Barandiaran antropologoa, Ignacio Ellacuria jesuita, Dolores Ibarruri, Jose Antonio Agirre eta Ramon Rubial politikariak.

Azkenik, XXI. mende honetako hasierako ezagunen artean, Bernardo Atxaga, Fermin Muguruza, Maria Bayo, Ainhoa Arteta, Julio Medem, Miguel Indurain eta Juanito Oiarzabal daude, besteak beste.

Erreferentziak

  1. "Los supuestos precedentes de los vocablos <<Euzkadi>> y <<Euskaria>>" izeneko artikulua euskomedia.org webgunean
  2. Lazarragaren testuaren transkripzioa
  3. 3.0 3.1 Datutalaia
  4. World's 50 Best Restaurants

Ikus, gainera

Kanpo loturak

 Euskarazko Wikipedian atari bat dago Euskal Herria gaiari buruz.
Commonsen fitxategi gehiago dago honi buruz:
Euskal Herria